XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Instant berean mando bihurtu zen, orain zure aurrean ikusten duzun hauxe bera, efrit guztien errege hori!

Kontakizuna puntu honetara iritsi zenean, Xerazadek ikusi zuen egunsentia urratzekotan zegoela eta zuhurtasunez, hitzegiteari utzi egin zion.

Orduan, bere senarrarekin gainontzeko ordu guztiak atsegin eta zoriontasun osoan igaro zituen, erregek epaitegiko lanak egitera joan behar izan zuen arte.

Honek bete zituen han bere betebeharrak eta gero jauregira itzuli zen eta berarekin elkartu zen berriro ere.

Baina hurrengo gaua heldu zenean...

Xerazadek esan zuen: jakin ahal izan dut, errege zoriontsu eta ahaltsu hori, hirugarren jekeak bere istorioa bukatu bezain laster efritak mandoari berari galdegin ziola ea gizon hark zioena egia zen ala ez.

Mandoak azkar eman zion baiezkoa burua gora eta behera mugituz.

Istorio hau ere atsegina izan zitzaion efritari eta entzun zituen kontakizun haien eraginez hunkituta eta pozik, merkatariak zorretan zuen odolaren azken herena hirugarren jekeari eskaini zion hitz eman zuen bezala eta merkatari gaixo hura libre geratu zen.

Orduan Duniazadek esan zion bere ahizpari:

- Ene ahizpa maitea, zein harrigarria izan den zure kontakizuna!

Eta Xerazadek erantzun zion:

- Hori baino harrigarriagoa da arrantzalearen istorioa.

Erregek jakin nahi izan zuen zer zen arrantzalearen kontu hura:

- Zein istorio da diozun hori?

Eta Xerazadek esan zion: